XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Han-hemenka elur-apur bat zuen bidea zabaltxeagoa zen han goian.

Oinak lurrean sendoago ipintzeko modua zegoelako, azkarrago joan ginen, baina 120 metro sakon eta 18 metro zabaleko bretxa batean geratu egin behar izan genuen.

Gainditu ezinezko oztopoa zen.

Elurra bigun zegoelako eta hormak, bertikal zeudelako, eskalatzerik ez genuen izan.

Une hartan arratsaldeko ordubata zen.

Barometroa oso kontuz prestatu genuen eta 13 hazbete eta 11 2/10 lerro markatzen zituen.

Airearen tenperatura zeropetik 3 ampdeg;C-koa besterik ez zen, baina tropikoan denboraldi luzeak igaro ondoren giro gogorra zen guretzat.

Gure botak elur-uraz busti-busti eginda zeuden.

Laplacek proposatutako formula barometrikoaren arabera, 5.878 metroko altitudea lortua genuen.

Ikuskizun eder hark ez zuen luze iraun.

Izan ere, inguruan genuen lainoak hartu gintuen berriz.

Chimborazoren gailurra eta ondoko Sierra Nevada ez genituen gehiago ikusi, are eta gutxiago Quitoko goi-lautada.

Globoan joanda bezain bakar sentitzen ginen.

Eguraldiak txarrera egingo zuela ikusita, haitzezko bidetik jaisten hasi ginen eta garbi zegoen gorakoan baino kontu handiagoz itzuli behar genuela.

Mendiaren egituraren adierazgarri ziren harri batzuk hartzera baizik ez ginen geratu, bai baikenekien Europan askotan Chimborazoren zatitxoren bat eskatuko zigutela.

5.300 metroko altitudean geundela kazkabarra egiten gogor hasi zuen eta hogei minutu geroago, berriz, elurretan.

Laster izan genuen bidean zentimetro batzuetako elurra.

Elur-mailaz goitik 5.157 metroko altitudean haitzean liken batzuk ikusi genituen.

Azkena ikusitako goroldioak 800 metro beherago zeuden.

Bonplandek 4.570 metroko altitudean tximeleta bat harrapatu zuen eta 500 metro gorago euli bat ikusi genuen.